XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goian aipatutako bigarren elementua hauxe da, alegia; urte horietan literatura eta literatur eginkizuna kultur egoera edo estatuto berri bat izaten hasten da euskal gizartean.

Ordurarte literaturak, edo, hobeki esan, euskeraz idatziak, gehienetan, eta olerkari batzuk izan ezik, bere funtsezko arrazoi eta zuribidea helburu ezliterarioetan, batez ere, linguistikoetan, aurkitu ohi zuten, alegia, Elizaren eta apaizen erlijio ekintzan.

Hemendik aurrera, euskera idatziak, zinez literario dei dezakegun izaera eta egoera berria izango du; jeneralki onartutako literatur moetei dagozkien testuak gero eta gehiago bait ditugu.

Baina, argiro esan behar da euskal literaturaren sorrera berria euskeraren helburuei eta inguruko bertatik bertako beharrei azpiratu eta menderatua dagoela oraindik.

Literatura hizkuntzaren serbitzari edo antzeko zerbait da, bere izaera espezifikoki literarioa: galtzen duelarik.

Euskal idazkera gero eta literarioagoa bilakatzen ari da irakurle berrien izaerak eta existentziak bultzaturik; bultzada hori bi literatur alderditan nabari daiteke, alegia, alde batetik, aitzinatik erabilitako moeten desarroiluan, esate baterako, olerkian; beste aldetik, moeta berrien sortzean; hemen ezarri behar dugu euskal nobelaren sorrera.

Lehenbiziko nobelariek beren testuei ematen dieten izenak berak egiztaten bide du azalpen edo interpretapen hori.

Irakurgaia derizte Txomin Agirreren hiru nobelei; irakurgaya deitzen die Etxeitak, berak idatzi zituen bi nobelei, eta Anabitarte izen hori erabiltzen jarraitzen da, azken nobelan ere, alegia, 1958-an Poli nobelan.

Euskal irakurleak bereganatu, ugaldu eta gehitu nahi baldin baditu, liburu erlijioso eta zientifikoaren gehiegizko didaktismotik askatuko irakur tresna batzuk, hain zuzen, irakurgaiak jarri beharko ditu idazleak haien eskuetan.

Helburu honen on beharrez euskal idazleak sortutako testuak nobelak dei ditzakegu, haien ezaugarri formal eta semantikoz.

Egileak berek testu horiek irakugaia izen arrunt eta beren garaizkoagoaz izendatu ohi dituzte.